BRASILDARREN BISITA

2015/09/17

Atzo, SEBRAE-ko (Brasileko enpresa txiki eta ertainen laguntzarako zerbitzua) lagunen bisita izan genuen: guztira, 16 kidez osatutako taldea etorri zen, tartean, ordezkari politikoak, turismo teknikariak, kazetariak eta sektore ezberdinetako enpresa publiko eta pribatuetako ordezkariak zeuden.

Zehazki, Parana izeneko estatutik (Brasilgo hego-mendebaldean kokatua dago) etorri ziren, Cantuquiriguaçuko izeneko lurraldetik. 20 herrik osatzen duten eskualde horrek, 13.986 km koadro ditu eta, guztira, 232.546 biztanle; horietatik, % 46, berriz, landa eremuan bizi da.

Bisita honen jomuga nagusia da Euskal Herriko tokiko garapen eredua ezagutzea, batez ere, landa eta turismo garapenarekin zerikusia duten errealitateak ezagutuz, Cantuquiriguaçuko lurraldean aplika daitezkeen eta bideragarriak diren ekintza eta estrategiak identifikatzeko, baita lankidetza harremanak bilatzeko ere.

Hori dela eta, astebetez, Euskal Herriko hainbat eskualde bisitatuko dituzte. Atzokoan, Debagoieneko Mankomunitatearekin batera, gure eskualdea ezagutzeko parada paregabea izan zuten; horretarako, lehenik, Mondragon Korporaziora gerturatu ziren, bertako mugimendu kooperatibista eta Euskal Herriko enpresa talde garrantzitsuaren bilakaera ezagutzeko. Ondoren, abere ustiapena gertutik ikusteko helburuarekin, Areantzako Etxebarri Baserrira joan ziren. Bazkal ostean, berriz, Mendibitzu Baserrira joateko aukera izan zuten eta bertan haragi ekologikoaren eta gaztaren ekoizpena eta salmenta prozesuak ezagutu zituzten. Ondoren, turismoa izan zuten aztergai, eta Areano Landa Etxea bisitatu zuten. Amaitzeko, berriz, Debagoieneko Mankomunitatean egon ziren eta Koldo Azkoitia Garapen Agentziaren arduradunak agentzia ekomikoaren lanaren berri eman zien.

Bisita hau Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak) eta SEBRAE-k (Servicio Brasileño de apoyo a las micro y pequeñas empresas), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako Bazkundearekin batera antolatu dute bisitaldi hau, Territorios para la CiudadanÍa proiektuaren baitan.