HAZILANen 1.go edizioko gazteek praktikaldiari etekin handia atera diete
Debagoienean HAZILANen 1.go edizioan 17 gazte hasi ziren. Horietatik 3k lana aurkitu zuten Aktibatu fasea bukatu orduko. Beste 9 gaztek jada ekainean hasitako praktikaldia amaitu dute, eta horietatik 3 gaztek enpresan kontratua lortu dute, beste hiruk ikasketak jarraituko dituzte eta gainontzekoak lan bila hasi dira.
Guztiek oso positiboki baloratu dute eskualdeko enpresetan egindako praktikaldia. HAZILANen 1.go edizioko 5 gaztek, oraindik praktikaldia egiten dihardute enpresetan eta datozen hilabeteetan amaituko dute.
Atzo arratsaldez, hain zuzen ere, praktikaldiari amaiera emateko, Aitor Antuñano historialariak eta Imanol Esperesate arkitektuak, Leintz-Gatzagako udaleko ordezkariei, 3 hilabetez Suradesan garatu duten proposamena aurkeztu zieten. "Leintz-Gatzagako turismoari bultzada emateko proposamenak" landu dituzte, beraien jakintza historiko eta arktitektonikoa aplikatuz. Planteatu diren eskuhartze proposamenak interesgarri ikusi dituzte udal ordezkariek, eta pixkanaka pausoak emateko asmoa adierazi dute.
Ekintza hau HAZILAN proiektuaren baitan egin da Euskal Herriko 2014-2020 programa operatiboaren bidez. Proiektu horren finantziaziorako funtsen %50, hain zuzen ere, EGIF-ek eman du eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) koordinatzen du.